TXALEKOAK
Txalekoa
- Lana kirol eta kirola lan -
Harri-jasotzeko txalekoa, kirolerako sortutako jantzi bat da. Lanetik sortutako kirola da harri-jasotzea; lanean aritzen dira harri-jasotzaileak plazan eta harri-tokian, eta eskulana da beraiek janzten dituzten txalekoak egiten dituztenen lana. Lana eta esfortzuaren sinboloa ere bada.
XX. mende hasierakoak dira harri-jasotzaileen lehen txalekoak, gorputza babesteko eta harriak hobeto eusten laguntzeko sortuak. Normalean, familia bakoitzeko emakumeek eskuz josi ohi zituzten txaleko horiek, itzalean, inolako erreferentziarik gabe eta baliabide gutxirekin. Etxean egindako txalekoak jantzita kirol-lan historikoak egin dituzte harri-jasotzaile askok eta oinarrian dauden hariak josi dituztenen aitortza ere bada txalekoa.
Kirolari bakoitzaren neurri eta beharren arabera egiten ditugu txalekoak, ohiko diseinua errespetatuz, baina ukitu berritzaileekin bateratuz: materialak, koloreak… Gainerako ekipamendua ere sortzen dugu.
Zergatik ez jantzi kalean harri-jasotzaileen gisako txaleko modernoak? Probak egiten nabil, kirolerako txalekoak egokitu eta kalerako bihurtzeko ereduak definitzen, izaera eta esanahi handiko arropa dotore eta esklusiboak sortzeko bidean. Informatu zaitez!
Txapelketa bateko irabazlearentzat, omenaldi bateko protagonistarentzat, atzerritik datozen bisitari-instituzionalentzat, ezkontza, erretiro edo urtebetetze ospakizunetako oroigarri gisa… Txaleko bereziak ere egiten ditugu, mezu pertsonalizatuekin.
Nola heldu naizen honaino
- Aditu eta arituen jakintzatik sortuak -
301K txaleko guztiak lan sakon baten ondorio dira. Hilabeteak igaro ditut materialak ikertzen, berrikuntzak sartu eta probatzen, diseinu propioak sortzen, iritziak biltzen, eta emaitzarik egokiena topatu arte aldaketak aplikatzen.
Gurasoak izan ditut bidelagun: amarekin findu ditut ereduak, joskintzaz duen jakintza baliatuz; eta aitak bere harri-jasotzaile ibilbidean ikasi eta bizitakoan oinarrituta sortu eta eguneratu ditut kirolerako txalekoak. Eta, ama eta aitaz gain, beste asko eta askok lagundu naute. Talde-lana ere bada 301K.
Eskatu zure txalekoa
Harri-jasotzeko txaleko guztiak ezberdinak dira, kirolari bakoitzaren neurri eta beharren arabera egiten ditugulako.
Zuk ere txaleko bat behar baduzu, eskatu hitzordua eta HARRI·HARI TOKIn elkartuko gara, Leitzako plazan.