OHARRA: Ekainaren 24-30 bitarteko eskari eta mezuak, uztailaren 1 ean bideratuko ditugu.

301K

301K

INDArra eta dotorezia

301K, 301Kilo, 301Kilogramo. Pisu handiko marka da 301K.

Harri-jasotzea kirola baino gehiago da niretzat; familia, lana, esfortzua, tradizioa, kultura eta bizitzeko modu bat. 

Aita harri-jasotzen eta ama hariak josten, zentzu zabalean ulertuta, bien artean gure oinarria sortu dute. Biak indartsu eta dotore, bai plazan eta bai etxean.

Harrotasunetik eta miresmenetik sortutako marka da nirea eta horregaitik, nik ere harri-jasotzailez jantzi nahi dut.

aitaren harriak - amaren hariak

- Tradiziotik jaso, etorkizuna josi -

Aita

- Iñaki Perurena Garciarena -

Lanean oinarritutako bizimodua zuten familia batean jaiotakoa da Inaxio (Iñaki Leitzan). Aita Jose Ramon Perurena “Alfaro” eta ama Maria Garciarena, Lesakenea baserrikoa, Martin Garciarena aizkolariaren arreba. Aizkolaritzan hasi eta harri-guatzaille (harri-jasotzaile leitzan) paregabea bihurtu zen. 

Ogibidez abeltzaina eta harakina izanik ere, lehen mailako kirolaria. Garaiko baliabide eta jakintza mugatuekin, historia egin duten errekor eta markak egindakoa. 300 Kilo bizkarrera jasotzen lehenengoa izan zen (1987) eta muga kiloka gainditu zuen.

Harri-jasotzea gure plazatik mundura zabaldu duena.  

Ama

- Maite Zubitur Goñi -

Amaren aldetik HARRIAK eta HARIAK 3. belaunaldia naizela esan dezaket. Bere aita Lontxo Zubitur hargina zen eta ama Petrita Goñi jostuna eta erakustuna.

Gaitasun ezberdin eta  ikaragarriak dituen emakume berezi, indartsu eta dotorea da gure ama. Beti lanerako eta laguntzeko prest, bere energia amaigabearekin.

Etxean eta itzalean egindako lanaren garrantzia plazaratu nahi dut bere eta gainerako emakume eta laguntzaileen omenez. 

Gure plazatik, mundura

- 301K filosofia -

Toki txikietan ere gauza handiak egiten dira.

Leitza, Nafarroako mendialdean dagoen herri txiki bat da eta gauza askoren artean, 300 Kilo baino gehiago bizkarrera jaso dituzten harri-jasotzaileen herria da. (Migeltxo Saralegi, Iñaki Perurena eta Inaxio Perurena)

Harriak jasotzeko beharrezkoak diren txalekoak josi dituztenen lana plazara ateratzea ere dugu helburu, harriak jasotzeko hariak josi behar direlako.

Ameslari baten asmo eta gogoetak

- Zergatik 301K -

Harri-jasotzea eta joskintza, niretzat, bizimodu baten isla dira: familia, lana, benetakotasuna, kultura, origintaltasuna. Ni neu ez naiz inoiz plazan aritu, baina harri-jasotzaileen dotorezia eta indar hori soinean sentitu nahiko nituzke. Horregatik, sortu nahiko nituzte kalerako txalekoak, harri-jasotzaileen jantzietan oinarrituta. Horrela ere apain ikusten naizelako.

Herri-kiroletako profesionalek egiten duten lana balioan jartzeaz gain, dozenaka emakumek historikoki egin duten jostun lan ezkutua ere bistaratu nahiko nuke modu horretara. Izan zirelako baikara. Eta garelako ere izan daitezen.

HARRI-JASOTZEA

Harri-jasotzea, Herri-Kirolen familiakoa da. Jatorria, harrobi eta harrizko eraikuntzetako langileen artean sortzen ziren lehietatik dator. Lehia hauek, apustu forma hartu zuten eta aurkariak baldintza berdinetan aritzeko beharrak araudiak sortzea ekarri zuen eta folkloretik haratago, harri-jasotzea kirol modernoa da.

Harri-jasotzea indar kirola da, baina gaitasun aerobikoa ere behar duena, teknika izugarria eskatzen duena eta estrategiak ere parte duena. Kirol konplexu bezain aberatsa da, kategori eta modalitate desberdinak tarteko: Apustuak, txapelketak, harri-handiak, harri-txikiak, lan luzeak, azkartasun probak, kilo gehien jasotzeko errekor ahaleginak… 

eskuz egindako txalekoak, artisau lana

Txalekogilea naiz eta Leitzako plazan kokatua dago gure taller-denda. HARRI·HARI TOKIn egiten ditugu 301K txalekoak eta kirol ekipamendua, eskuz eta neurrira. Kirolariekin bildu ondoren hasten da prozesua: Telak neurtu, markatu, moztu, josi eta errematatu.

301K marka eta ni neu Maite Perurena Zubitur artisau txalekogilea, Nafarroako Artisau Erregistroan eta katalogoan gaude, Nafarroako ipar-mendebalde eremuko ehungintza arloan: CAAR256

Item added to cart.
0 items - 0,00